Aiete. 10 Urte

2011ko urriaren 17an, Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentzia egin zen. Donostiako Bakearen Etxean egin zen, eta ezohiko argazkia utzi zuen; izan ere, ospe handiko nazioarteko eragileak bildu zituen, baita Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko alderdi politikoen eta sindikatuen gehiengoa ere.

Nazioarteko Konferentziaren amaieran, adierazpen bat adostu eta irakurri zuten nazioarteko eragileek, aldez aurretik alderdi politiko eta sindikatuekin iritzi trukea gauzatuta. Testu horretan, dei egin zieten ETAri, Espainiako eta Frantziako gobernuei, alderdi politikoei eta euskal gizarteari, oro har, Euskal Herrian bake iraunkorra ahalbidetzeko urrats erabakigarriak egin zitzaten. Handik hiru egunera, ETAk deiari erantzun zion: jarduera armatua iraunkorki bertan behera uzteko erabakia hartu zuela iragarri zuen. Urrats horrek atea zabaldu zion euskal gizartearentzako garai historiko bati: ETAren indarkeriak sortutako giza sufrimenduaren eta distortsio politikoaren zamatik aske bidea egiteko aukerari.

Liburuaren lehen edizioa 2012. urtean argitaratu zen, 2021ean, Konferentziaren hamargarren urteurrena dela eta, Lokarriren ondarea kudeatzeaz arduratzen den pertsona taldeak liburua berrargitaratzea erabaki du. Liburu honen xedea gure historia hurbilean hain garrantzitsua izan zen eta Lokarriren ibilbidean mugarri izan zen ekitaldi hau gogoratzea da. (Liburua aste honetan egongo da eskuragarri)