2015eko martxoak 7
Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, bederatzi urtetako bere ibilbidean zehar, iraunkortasunez, nekaezintasunez, insistentzialismoz eta itxaropenez lan egin du errespetuan, aniztasunean, elkar-ulertzean eta demokrazian oinarritutako bizikidetza bat herritarren zimenduetatik abiatuz bultzatzeko. Akatsak egin izan ditugu kasu batzuetan eta abileziaz aritu gara besteetan, baina beti jardun dugu itxaropen handienarekin. Pertsona eta elkarte gutxik esan dezakete beren ibilbidean zehar ametsen zati handi bat bete dutela. Lokarrik baiezta dezake horien zati bat bete duela; umiltasunetik, bizikidetza egun 2006ko martxoaren 12 hartan lanean hasi ginenean baino hobea izaten lagundu dugula.
Gaur, 2015eko martxoaren 7an Lokarrik bere ibilbidea bukatzen du. Azken ekitaldi hau aprobetxatu nahi izan dugu hasi ginen bezala bukatzeko: bakea, Giza Eskubideak, elkarrizketa eta berradiskidetzea aldarrikatzen.
Euskal gizarteak bizikidetza adiskidetu eta berradiskidetua merezi ditu. Indarkeriak, sufrimenduak eta minak gidatutako urte asko igaro dira. Elkartzeko eta bestea aintzat hartzeko aukerak oso urriak izan dira. Elkarrizketa, adostasuna eta aniztasunari errespetua amets bat besterik ez dira izan. Orain aukera on bat dugu gure historiako aro beldurgarri honekin bukatzeko baina, batez ere, etorkizunean berriz ez gertatzeko aukera ezinhobea dugu.
Amestutako etorkizuna. Gaurko konpromisoa.
Urte hauetan guztietan ezinezkoa zirudienarekin amestu dugu. Hala ere, tematiak eta burugogorrak izan gara gure eginahaletan; “insistentzialistak”. Une hau iritsita, badakigu ez dugula xedatutako guztia lortu. Gure herriak egun bizi duen errealitatea, hainbeste pertsona eta elkarteren lanari esker 2006ko martxokoa baino nabarmenki hobea izanda ere, ez da behar eta merezi duena. Horregatik, bost urte barru, 2020an, euskal gizartearen bizikidetza nolakoa izatea gustatuko litzaigukeen kontatzen duen ametsa konpartituz bukatu nahi izan dugu gure ibilbidea:
- Indarkeriaren biktima guztiek, bai ETAk zein talde parapolizialek eta segurtasun indarrek sortutakoek, aitortza eta ordaina jaso dute. Haien oroitzapena inoiz berriz errepika ezin daitekeenaren eredu bezala mantentzen da.
- ETAk bere eskuetan duen armamentu guztia erabilera operatibotik kanpo utzi du, eta gizarteak eta nazioarteko komunitateak berme guztiekin egiaztatu eta berretsi dute.
- ETAk egindako min injustua aitortu du eta biktimei eta haien familiei barkamena eskatu die.
- Estatuak ikerketa sakon bat abiarazi du Giza Eskubideen urraketetan bere inplikazioaren egia argitzeko, tortura kasuen egia barne.
- Salbuespenezko legeak indargabetu dira, presoak euren sorlekura hurbildu dituzte eta alderdi eta instituzio nagusien artean presoak gizarteratzeko programa bat adostu dute.
- Alderdi politikoek bizikidetza, memoria eta berradiskidetzea bultzatzeko oinarri minimoen inguruko akordio bat erdietsi dute.
- Hezkuntza-zentroek, komunikabideek eta gizarteak oro har bakearen kultura sustatzeko programetan parte hartzen dute.
- Instituzio nagusiek pertsona guztien Giza Eskubide guztiak bermatzeko neurriak diseinatu eta abian jarri dituzte.
- Hiri, herri eta auzoetako biztanleek atzean utzi dituzte liskarrak eta elkarren artean errespetuz, inklusioz eta ezberdina denarekiko kuriositatez aritzen dira.
Amets hau ez da sineskorra edo inozoa. Amets hau posible da. Amets honek gure herrian pertsona, instituzio, inplikatutako eragile bakoitzak egia bihurtzeko lan egin dezaten behar du.
Alderdi politikoak, atzerapen eta aitzakia gehiagorik gabe, elkarrekin bizitzeko oinarri minimoak jorratu eta adosteko foro parlamentario batean biltzea behar du amets honek.
Espainiako Gobernuak eta Estatuko botere guztiek bizikidetza errotzeko erronka itzel honetan kolaboratzeko gizartearen eskakizuna bere gain hartzea behar du amets honek.; iraganeko estrategiak erabiliz bakea tresna politiko bezala erabiltzeari utz diezaiotela, eta bake prozesuan kolaboratzeko eskakizuna aintzat har dezatela.
ETAk bere armamentu guztia erabilera operatibotik kanpo uztea behar du amets honek, azkartasunez, gizarteak eta nazioarteko komunitateak berretsi eta egiaztatzeko moduan. Legez kanpoko armak arriskua dira herritar guztientzat eta orain arte mehatxatuta egon diren pertsona guztientzako ezin justifikatuzko oroitarazle etengabea dira.
Amets hau posible da. Eta bakearen eta bizikidetzaren aldeko lanean kolaboratu eta parte hartu dugun pertsona guztiak bake etorkizun horren haziak izan gaitezen ere behar du amets honek.
Gure hazia, Lokarrirena, Giza Eskubideen urraketen biktima guztiekin hartutako konpromisoa da. Beren oroitzapenak iraun egin behar du eta indarkeriaren eta giza duintasunaren aurkako erasoen ondorioak zein tamalgarriak diren oroitarazteko balio behar digu.
Gure hazia Lokarriko kolaboratzaile eta bazkide guztiak ere badira. Euren lana, jakinduria, ekarpenak egiteko gaitasuna, insistentzialismoa, ezin dira alferrik galdu. Denek jarrai dezakete bizikidetzaren alde lan egiten eta beren eginahala eskaintzen beste gune eta ekimen sozialen bidez, zeinak aniztasunetik eta eraikitzeko gogoz, erronka kolektibo honetan laguntzen ari diren.
Lan asko dago egiteke oraindik. Ez dugu nahi gizarteak uler dezan Lokarriren ibilbidearen bukaerak bakea eta bizikidetza jada errotuta daudela esan nahi duela. Oraindik ahalegin handiak behar dira. Horregatik eskatu nahi diogu gizarte guztiari, aurrerapausoak lortu izan arren, espiritu kritikoa izaten eta bakearen bideari laguntzeko ekimenak bultzatzen jarrai dezan. Gure ardura eta gure aukera ere bada.
Gure ametsa da. 1992an Elkarrirekin eta 2006an Lokarrirekin, amets bat eta itxaropen nekaezina izan genituen. Lortutakoa asko da. Jarrai dezagun amesten bakea eta bizikidetza eraiki eta errotzeko.