Andy Carl, bake-prozesuei buruzko aholkulari independentea eta Conciliation Resourcesen (Erresuma Batua) sortzaileetako bat eta Zuzendari Exekutibo ohia.
Orain dela hamar urte, Conciliation Resources (CR), Londonen egoitza duen nazioarteko erakundea ordezkatu nuen, Aieteko bake konferentziaren nazioarteko sustatzaile gisa. Gure ahotsa gizarte zibileko antolatzaileenei eta euskal alderdi politikoenei gehitu genien, baita lider ezagunen taldearenari eta bakea sustatzeko nazioarteko beste erakunde batzuenari ere. Prozesu batzuk akordio batera iristeko «helduta» badaude, une hartan, Aieteko egoitza historikoa ekintzaren negutegi bihurtu zen, benetako aukeren-unea landuz; bertan, ekintza armatu ororen amaiera publikoki adierazi zezala eskatu zitzaion ETAri , eta gatazkan zeuden alde guztiei (Espainia eta Frantziako gobernuak barne), berriz, elkarrizketekin bat egiteko, gatazkari irtenbide politikoak aurkitze aldera.
Gogoan dut El País egunkariaren online edizioaren azalean egon nintzela une batez argazki batean. Lokarri elkarteko antolatzaile nagusienetakoa zen Paul Rios ongietorria egiten ari zitzaidan, harik eta egunkaria ohartu zen arte ez nintzela nazioarteko nabarmenenetako bat, eta hain agerikoa ez zen zeregin batera itzuli nintzen. Jakina, prozesuko nazioarteko laguntzaile garrantzitsu batzuek are ezkutuagoan egoten jarraitzen zuten. Hura eszenaratze-politikoko unea izan zen, eta antolatzaileek nahita prestatu zuten ETAri, historiaz jabetuta, gatazka bortitzeko antzerki honetan eszena uztea ahalbidetu zion agertokia. Bertaratutako guztiek bazekiten zer nolako garrantzia zuen ekitaldiak. Ez zen indarkeriari amaiera emateko beste deialdi bat izan. Ez zegoen zalantzarik deialdiari erantzungo zitzaiola. Denbora kontua zen. “Aldaketa baketsurako ingurune egokia sortzeak” praktikan esan nahi duenaren adibide ona izan zen.
CRk, beste bitartekari profesional batzuekin batera, interes handiz jarraitu zituen euskal gatazka eraldatzeko ahaleginak, gure landa-lanerako erreferentzia izateraino iritsiz, Ipar Irlanda izan den bezala. Gure konpromisoa xumea izan da. Hala eta guztiz ere, Estatu espainiarrak antagonismo handia erakutsi zuen nazioarteko edozein konpromiso independenteren aurrean. Rol txikiagoa jokatzeak erreputazio-adore maila bat eskatzen zuen, baina ezin zen alderatu tokiko antolatzaileak hartzen ari ziren arriskuarekin. Gure presentziarekin ez genuen segurtasun-berme gehigarririk eskaini, besterik gabe, nazioarteko arreta pixka bat ekarri genuen eta, agian, legitimitatea.
Bakearen sustatzaile guztiek ez dutela zertan bitartekari izan ikasi genuen, Gurutze Gorria bezala, erdi-puntu neutral batean egoten saiatuz. Euskal bake-prozesuak erakutsi digu posible dela indarkeria garaian elkarrizketa eta justizia bilatzea, baina, era berean, frogatu digu alternatiba horiek ez dituztela bitartekari independenteek bakarrik eraikitzen, baizik eta baita inplikatutako eragileek berek ere. Aieteko esperientziak azpimarratu egiten du tokiko liderrek eta komunitateek bakea sendotzeko eskaintzen dituzten rolek eta aukerek duten garrantzia.
Euskal prozesuak gogorarazten digu gatazkan murgilduta dauden gizarteekin zer lan garrantzitsua egin behar den, helburu politikoak bitarteko baketsuen bidez bakarrik garatzea ahalbidetuko duen adostasuna eraikitzeko. Helburu berberak izan ditzaketen, baina elkarrekin lan egiteko modurik aurkitu ezin duten taldeen arteko aldeak gainditzea protagonista nagusien artean elkarrizketa moduak aurkitzea bezain zaila edo zailagoa izan daiteke. Katalunian ikusten ari gara gaur.
Konferentziaz geroztik igaro den hamarkada honetan atzera begiratuz gero, batzuetan trabatutako eraldaketa-prozesu bat zirudiena kamera geldoko prozesu gisa ere ikus daiteke. ETAk, bere aldetik, 2011n amaitu zuen borroka armatua, 2017an armagabetu zen eta 2018an izateari utzi zion. Aldaketa esanguratsu asko gertatu dira Espainiako gobernuaren eta botere judizialaren jokamoldean. EH Bildu alderdi legala da, eta herritarren zati handi baten babesa du. Erbesteratuei itzultzen utzi zaie. Zenbait preso aske utzi dituzte eta Espainia osoan beste jarrera bat dago, nahiz eta hasiberria izan, bere subiranotasun-gatazkak eta iragana elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez lantzeko. Oraindik akordio politiko berririk ikusi ez badugu ere, gatazkaren eraldaketa ikusten ari gara, hainbat aldebakarreko urratsen bidez, akordio gehitzaileen bidez eta ekimen benetan berritzaileen bidez lortua. Nazioarteko komunitateko bake-eraikitzaileek Euskal Herrian ideiak eta inspirazioa bilatzen jarraituko dute.