Dagoeneko hamar urte igaro dira

Pierre Hazan

Aieteko Konferentziaren oso oroitzapen onak ditut.

Lehenik eta behin, sinboloen alderantzikatzea gustatu zitzaidan. 2011ko urriaren 17an, bake-prozesua Franco jeneralak Donostian izan zuen udako bizilekuaren jabe egin zen. Han izan zen euskal gatazkari amaiera emateko une giltzarrietako bat, Buruzagiaren etxean hain zuzen ere, euskal gatazkaren erantzulea hein handi batean, bera hil eta denbora luzez jarraitu zuen gatazkarena.

2011ko urriko egun hartan, Nazioarteko Harreman Taldeko nire lagunekin batera, euskal gizarte zibileko ia eragile guztiak izan nituen lagun: sindikalistak, elizako arduradunak, patronalaren ordezkariak, alderdi politikoak (Alderdi Popularra izan ezik) eta elkarte ugari. Guztiek bere irakurketa eta iritziak dituzte gatazkaren kausez eta erantzukizunez, Euskal Herriaren beraren etorkizunaz, eta ez zuten adierazteko zalantzarik izan. Nolanahi ere, guztiak bat etorri ziren funtsezko puntu batean: indarkeriazko hamarkaden, mila hilketaren, milaka zaurituren ( zauri psikologikoak aipatu gabe) eta gizarte hau blaitu duen beldur-giroaren ondoren, bazen garaia armak isiltzeko.

Horixe zen euskal gizarte zibilaren mezua, gu -Nazioarteko Harreman Taldeko kideak- aspalditik geure egiten ari ginen mezua: ETAri deia, borroka armatuari uko egin ziezaion atzerabueltarik gabe -autodeterminaziorako helburua baztertu gabe- eta Espainiako Gobernuari, positiboki erantzun zezan. Hori izan zen Euskal Herriko eragile sozial eta politikoekin negoziatu genuen aginduaren zentzua: normalizazio politikoa lortzea, indarkeria alde batera utzi zuten alderdi politiko guztiak legeztatzea barne, espetxe-politikaren aldaketa (esate baterako, ETAko 700 presoak Euskal Herrira hurbiltzea, haietatik 140 Frantzian baitzeuden), eta alderdi anitzeko elkarrizketari ekitea. Hauxe zen hainbat pertsona entzutetsuk, besteak beste Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohiak, berretsitako Aieteko Adierazpenaren zentzua.

Gogoan ditut Aznar Espainiako gobernuko presidente ohiaren kritika gogorrak, esanez konferentzia honekin “terroristen eta demokraten artean baliokidetasun morala” ezartzen ari ginela. Kritika hura funsgabea zen: ez geunden han inori legitimotasuna emateko, baizik eta ekarpen xumea egiteko, gatazka odoltsu bati amaiera emate aldera. Honek asaldatu egin zuen terrorismoaren aurkako borrokak berak bakarrik gatazkari amaiera eman ziolako narratiba. Egia konplexuagoa zen, euskal gizarteak ere, abertzalerik erradikalenak barne, indarkeria albo batera utzi nahi baitzuten. Beharrezkoa zen indarkeria politikoaren amaierarako dei hura ekitaldi sendo batekin erritualizatzea. Hori izan zen Aieteko konferentziaren zentzua: borondate hura hezurmamitzea. GICeko gainerako kideekin eta Lokarri euskal elkartearen babesarekin, Adierazpena ekarri zuen bake-prozesuari laguntzeko ohorea izan nuen Francoren udako bizilekuan duela 10 urte.

Emaitza ondo ezaguna da: 2011ko urriaren 20an, ETAk borroka armatua bertan behera utziko zuela iragarri zuen eta, 2018ko maiatzean, bere desegitearen berri eman zuen, Elkarrizketa Humanitariorako Zentroari egindako komunikatu batean, Europa Mendebaldeko azken gatazka armatuari amaiera emanez.