Urriaren 17an, Donostiako Nazioarteko Konferentziaren hamargarren urteurrena beteko da. Konferentzia hori Aieteko Konferentzia izenez ere ezagutzen da, eta gure herrialdean bake-prozesua bultzatu zuen. Ekitaldiak alderdi politikoetako ordezkariak bildu zituen, Euskal Autonomia Erkidegokoak, Nafarroakoak eta Iparraldeko Mankomunitatekoak. Alderdi guztiak, PP, UPN eta FN izan ezik, bertan izan ziren, aniztasunaren irudia eskainiz, gure historia hurbilean antzeko oso erreferentzia gutxi dituena. Ordura arte, hiru lurralde-erakundeetako ordezkariak ez ziren inoiz mahai berean bildu, bakeari eta bizikidetzaren normalizazioari laguntzeko.
Alderdi politikoez gain, sindikatu nagusietako ordezkariek, Confebaskeko eta Eliza Katolikoko arduradunek hartu zuten parte. Eta hura guztia nazioarteko sei lider entzutetsu (Kofi Annan, Bertie Ahern, Gro Harlem Brundtland, Pierre Joxe, Gerry Adams eta Jonathan Powell) bertan zirela. Antolatzaileen artean, bakea sustatzeko nazioarteko erakunde garrantzitsuak izan ziren (Nazioarteko Harreman Taldea, Berghof Foundation, Conciliation Resources, NOREF eta Desmond Tutu Fundazioa) .
Alderdien, gizarte-erakundeen eta nazioarteko ordezkarien presentzia garrantzitsu eta anitz hark iragartzen zuen topaketak garrantzi handia izango zuela indarkeriaren amaiera lortzeko, giza eskubide guztiekiko errespetua bultzatzeko, elkarrizketa sustatzeko eta bizikidetzaren berreraikuntzari arnasa emateko, euskal gizartea egiten ari zen ahaleginetan.
Lokarrik, nazioarteko erakunde garrantzitsuekin batera, Aieteko Konferentziaren deialdian eta antolaketan aktiboki parte hartzeko ohore handia izan zuen. Gure gain hartu genuen erantzukizun hura, jakinik protagonismoa gizarte osoari zegokiola eta erdietsi zitezkeen lorpenak urte askotako lanaren eta milaka herritarren inplikazioaren emaitza baino ez zirela, indarkeriaren eta liskarraren urterik txarrenetan bakearen, aniztasunaren eta ulermenaren aldeko itxaropenari eta lanari eutsi baitzieten.
Harrezkero, aurrerapausoak nabarmenak izan dira. ETAk indarkeria utzi zuen, armagabetu eta desegin egin zen. Euskadiko eta Nafarroako parlamentuek terrorismoaren biktimak eta funtzionario publikoek egindako giza eskubideen urraketen biktimak babesteko sistema eskaintzen duten legeak onartu dituzte. Memoria sustatzeko erakundeak sortu dira. Aldaketa esanguratsuak izan dira espetxe-politikan, urruntzearen amaiera nabarmendu behar da. Askotariko biktimek topaguneak sustatu dituzte. Ezker abertzalea legezkotasunera itzuli zen. Iparraldeko alderdi politikoek bakeari eta bizikidetzari buruzko akordioak egin zituzten. Hainbat herrik bizikidetza berreraikitzeko prozesuak bultzatu dituzte. Mehatxatutako politikoak, azkenean, bizkartzainen babesik gabe bizi ahal izan ziren. Enpresariek eta profesionalek estortsio-gutunak jasotzeari utzi zioten. Adibide batzuk baino ez dira, ez da zerrenda zehatz bat. Izan ere, aurrerabideak gehiago izan dira, zenbaitetan antzematen zailak ere bai, baina erraz ulertzeko modukoak, gaur egun dugun egoera 90eko erdialdekoarekin alderatzen bada, esate baterako.
Gure bakegintza-prozesua askotariko eragileen ekarpenaren emaitza izan da: autonomia erkidegoak eta tokiko gobernuak, alderdi politikoak, gizarte zibileko erakundeak, etab. Partaidetzaren aniztasun horrek, beste faktore batzuekin batera, inklusioa eta aniztasuna erraztu ditu eta, ondorioz, gure egoera jasangarria dela eta atzera bueltarik ez duela baieztatzea ahalbidetzen du. Horretan laguntzen du, inolako zalantzarik gabe, gizarteak ia aho batez uste izateak indarkeriako eta giza eskubideen urraketako iraganera itzultzea agertoki onartezina dela.
Aieteko Konferentzia, eta ondorengo lorpen guztiak, beraz, elkarlanaren, eskuzabaltasunaren, ikuspuntu irekien eta desberdinarekiko errespetuan oinarrituta elkarrekin bizitzeko itxaropenaren emaitza izan dira. Partekatutako borondate hori bultzada erabakigarria izan da gure gizarteak, gaur egun, bere historia hurbilean baldintzarik onenak izan ditzan, iraganeko sufrimendurik gabeko etorkizuna eraikitzeko. Aieteko Konferentzia, dagoeneko, gure historiaren eta memoriaren parte da. Sektore eta sentsibilitate soziopolitiko bakoitzak egingo dituen balorazioetatik harago, azpimarratu nahi dugu eskuzabaltasunean eta elkarlanerako borondatean oinarrituta eraikitako unea izan zela. Eta balio eta jarrera horiek aldarrikatu nahi ditugu, gizarteak dituen erronkei aurre egiteko. Erronka horiek memoriarekin eta biktimekin, bizikidetzarekin eta bake-kultura eta giza eskubideekiko errespetua absolutu etikotzat zabaltzearekin dute zerikusia.