Iñigo Urkullu Renteria. Lehendakaria
Aieteko adierazpena ETAk terrorismoa bertan behera uzteko iragarpenaren atarikoa izan zen. Bost hamarkada baino gehiagoren ondoren, ETAk ez zuen biktima gehiago eragingo. Erakunde horren adar ezberdinek 853 hildako eragin zituzten, eta milaka pertsona zauritu, estortsionatu, bahitu eta mehatxatu zituzten. Nahita eragindako sufrimendu baten min bidegabearen ondorioz hautsitako gizakiak eta familiak.
Duela hamar urte, Aieteko Konferentzian parte hartu nuen, EAJ-PNVko Presidente nintzela. Gaur Lehendakari gisa idatzi dut gogoeta hau. Egun haiek aurkako sentimenduekin bizi izan nituen. Poza eta itxaropena ETAren amaieraren egiazko iguripenagatik. Euskal gizarteak aro berri bat ireki zezakeen. Belaunaldi berriek ez zuten zama hau bizkarrean eraman beharko.
Tristezia eta ulertu ezina. Biktimekiko tristura sakona. Hitzak motz geratzen dira merezi duten aitortza eta elkartasuna adierazteko, eta egindako akatsengatik autokritika egiteko. Ulertu ezina berandu iristeagatik eta, hainbeste pertsonari eta familiari, eta euskal gizarte osoari eragindako sufrimenduaren alferrikakotasunagatik.
Hamar urteren ostean, kezka sozialak beste gune batzuetan daude: enplegua, osasuna edota bizitza pertsonal eta sozial osoagoa berreskuratzea. Pandemiaren bosgarren olatua gainditzeko ahaleginetan ari gara. Nolanahi ere, ETAk ekarri zuenari buruzko gogoetak balio handia du memoria, hezkuntza eta bizikidetzarako.
Aiete posible izan zen pertsona, organizazio eta erakunde askoren eskuzabaltasunari esker, ETAren munduarekin zerikusirik izan gabe ere, ETAk terrorismoaren aldebakarreko amaiera adierazi zezan lagundu baitzuten. Batu gintuena amesgaizto amaigabe bati, behin betiko, amaiera ematea izan zen. Aieteren erabilera alderdikoiaren edozein asmok euskal gizarteko sektore zabalen borondate onaren enegarren instrumentalizazioa adierazten du.
2011ko urritik, ETAk mehatxatzeari, estortsioa egiteari, bahitzeari, zauritzeari eta hiltzeari utzi zion. Euskal gizartea hobeto bizi da eta bizikidetza hobean. Oroimenaren Institutua dugu, eta terrorismoaren eta botere-abusuaren biktimak aitortzeko legeak indarrean. ETA baldintzarik gabe desegin da. Espetxe-politika aldatu egin da. Iragana argitzeko azterketak egiten jarraitzen dugu. Aurrera goaz. Aniztasuna, giza eskubideak eta printzipio demokratikoak errespetatzen dituen bizikidetza adostua eraikitzen ari gara.
Bertizko Adierazpenean jasotako zeregin batzuk ditugu egiteke. Besteak beste, “iraganari buruzko gogoeta, lehendabiziko aldiz, ETA esplizituki sartuta, indar politiko guztiek partekatuko dutena”.
ETAren amaierak ezin du ekarri gertatutakoari buruzko baloraziorik gabe aurrera egitea. Etorkizuna eraikitzeko, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei eragindako kalte bidegabea aitortu behar da, biktima horien jatorria edo zeinua edozein izanda ere. Biktimen aurrean, ezinbestekoa da aitortzea ezein kausak ez zuela inoiz balio handiagorik izan, biktima bakoitzaren bizitzak, duintasunak edo osotasunak baino.