Aieteko Konferentzia

Bertie Ahern. Irlandako Lehen Ministro Ohia

Denbora oso azkar igarotzen da eta, bitartean, Euskadiko gatazkaren ebazpena sustatzeko egin zen Aieteko Nazioarteko Konferentziari buruz hausnartu dut.

Lehendabizi, gogoan dut 2011ko urriaren 17a, Donostiako Bakearen Etxean. Bertan bildu ziren nazioarteko hainbat pertsona ezagun Ipar Euskal Herriko, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politikoekin, edo gehienekin, eta sindikatuekin.

Taldearen izenean, adierazpena irakurri nuen. Bertan esaten zen, sindikatu, alderdi politiko eta euskal gizarte osoarekin egindako kontsulta-prozesuaren ondoren, urrats garrantzitsuak emango zirela, eskualdean behin betiko bakea lortzen laguntzeko.

ETAk handik gutxira erantzun zuen, gatazka armatua behin betiko amaitzen zuela iragarriz. Honek 2008tik Brian Currin bideratzaileak zuzenduta abian zegoen lan baten bukaera ekarri zuen; Brian Currin urte batzuk lehenago Ipar Irlandan egindako lanarengatik ezagutzen nuen.

Zorionez, 2011ko urrian, bake-prozesu iraunkorra eta egiaztagarria hasteko beharrezko baldintzak sortu ziren.

Konferentzian parte hartu genuenok jakin bagenekien bilera historikoa zela. Izan ere, pertsona entzutetsu askok babestu zituzten ondorioak, eta Jimmy Carter, Tony Blair eta George Mitchelen atxikimendua izan zuen, guztiak ezagutu eta errespetatzen nituenak pertsonalki.

Kontsulten prozesua eta konferentzia erakundeen arteko konfiantza eta batasun gune bat emateko diseinatu ziren, bake iraunkorraren aldeko babesa eta errespetua lortzeko.

Aieteko Adierazpenaren helburua Europako azken borroka armatuari amaiera ematen laguntzea zen, herritarren, ordezkari politikoen eta nazioarteko pertsona ezagunen babesarekin, gure ustez nola lor zitekeen ezarriz.

Gure nahia ez zen euskal herriari ezer inposatzea, ezta lezioa ematea ere. Fede onez jokatu nahi genuen, gure esperientzian oinarrituta ideiak ekartzeko, beste gatazka luze batzuetan parte hartuak baikinen. Gatazka bati amaiera ematea zein zaila den ulertu nuen, berekin izaten dituen min eta emozio guztiak direla-eta.

Ausardiaren, konpromisoaren eta eskuzabaltasunaren bidea hartzeak etorkizun baketsu baterako aukerak irekitzen ditu, eta atzean uzten ditu indarkeriaren kaosa, gorrotoa eta gatazkaren tristezia.

2011ko urriko egun hura gogoratzea eta hainbesterekin partekatu izana, etorkizun baketsu oparoagoa izateko eta hurrengo belaunaldientzako aukera hobeak lortzeko itxaropenarekin, esperientzia pozgarria izan zen. Beti gogoratuko dut egun hura.

Azken urteotan, oporrak eskualdean pasa ditut, eta munduko txoko eder honetako bakeaz eta lasaitasunaz gozatu dut.