Alberto Spektorowski
Hamar urte bete dira Aieteko konferentzia egin zenetik. Euskal Herrian indarkeria amaitze aldera urteetan egindako esfortzu ikaragarrien gailurra izan zen Aieteko konferentzia eta, orain, ezinbesteko unea da, prozesu osoa denborak bakarrik eman dezakeen ikuspuntutik begiratzeko eta laburbiltzeko.
Lehenik eta behin, esan beharrik ez dagoena nabarmendu behar dut, hain zuzen ere, izugarrizko ohorea dela 2011n Aietetik 2018an ETAren amaierara arte eraman zuen prozesuan lagundu zuen Nazioarteko Harreman Taldearen kide izana.
Nire inpresioetan oinarrituta ari naiz idazten, agian, ez dira bat etorriko nire taldeko kideen beste esperientzia batzuekin. Hala ere, hau da nire errealitatea eta espero dut nire esperientzia pertsonalak beste batzuei lagundu ahal izatea, Euskal Herriko adiskidetze-prozesua sendotzen.
Taldearen agindua konfiantzazko hainbat neurri bultzatzea zen, besteak beste, jarduera politikoaren murrizketak gainditzea eta espetxe-politika egoera politiko berrira egokitzea. Aldeak adoretzea eta laguntzea, elkarrizketa politikorako agenda bat adosteko. Alderdi anitzeko elkarrizketak eta negoziazioak sustatzea, erraztea eta ahalbidetzea, alde guztiak barne hartuko zituztenak eta Mitchell Printzipioen mende egongo zirenak, baldintzarik gabe eta aurrez zehaztutako emaitzarik gabe. Alderdi anitzeko elkarrizketek eta negoziazioek gatazka politikoa gainditzeko akordio orokor bat lortzea zen asmoa. Beraz, buruan genuen guztia zen bake-prozesu arrakastatsua benetan posible zela sinesten laguntzea herritarrei.
Hasieratik ulertu nuen zeregin honen zailtasuna. Itxura batean, aginduak minimalista zirudien, baina ezagutzen dut Euskal Herrian izandako esperientzia, elkarrizketa guztiek porrot egindakoa, eta sortzen zen galdera zen oraingoan zergatik izan behar zuen desberdina.
Prozesuaren zailtasunak Aiete prestatzen aritutako egunetan ulertu nituen. Brian Currinek Madrilen Rubalcabaren taldearekin elkartzeko eskatu zidan, gertaera handiaren aurrean Espainiako gobernuak nola erantzungo ote zuen jakiteko. Jakin bagenekin, nahiz eta gobernuak ekitaldian parte ez hartu, ez zuela oztopatuko. Alabaina, Madrilgo bilerak galdera sorta zabala zabaldu zidan prozesuaren etorkizunari buruz. Nire lehen asmoa solaskideak konbentzitzea zen, oraingoan indarkeriaren amaiera serioan zihoala, eta su-etena baino askoz gehiago zela. ETA, hain zuzen ere, indarkeriari amaiera ematen ari zen eta Nazioarteko Komunitatea horretarako bermea zen. Erantzun gogorra espero nuen gobernuaren aldetik, eta zein inozoak ginen azaltzen irudikatzen nituen, terrorismoaren indarkeriaren errealitatea ez genuela ulertzen azpimarratuz. Imajinatzen nuen Espainiak terrorismoari eta bere laguntzaileei ezin ziela inolako kontzesiorik egin erantzungo zutela, horrek terrorismo gehiago ekarriko baitzuen. Baina ez nuen espero Espainiako gobernuak egiaztatzea ziur zeudela indarkeriaren amaiera egitate bat zela. Haien ustez, ETA garaituta zegoen jada, eta balizko negoziazioa gauzatuta ere, ez zuten presiorik egingo autodeterminazioaren auzia zehazteko ere. Denok dakigunez, horixe izan zen ETA eta Espainiako gobernuaren arteko negoziazioak gehienetan zapuztu zituen gai gatazkatsua. Une hartan, uste izan nuen, Espainiako gobernuak egoera berri hartan konfiantza bazuen, gainerako arazoak, presoen auzia barne, erraz konpon zitezkeela. Ni Israel eta Palestinaren arteko negoziazioetan eskarmentu handikoa nintzenez, Israelgo edozein negoziatzailek honelako kasu batean ondorioztatuko zukeena onartu nuen. Hura gatazkaren amaiera zen, eta presoentzako amnistia onartua izango zen. Baina, nire harridurarako, hori ez zen izan Espainiaren kasua. ETAko presoen patua konpontzen zaila izango zen. Espainiako gobernua neutrala izango zen eta ez zuen oztopatuko Aieteko konferentzia, baina ez zen laguntzeko prest egongo. Inpresio negatibo hark okerrera egin zuen, Rajoy buru zuen gobernu kontserbadore berriak boterea hartu ostean.
Nahiz eta Aiete itxaropen-unea izan zen, arrastoek ez zuten emaitza on askorik igurikitzen. Inoiz baino kontzienteago nintzen Espainiarekin hitz egiteko aukerak, ETAk edozein urrats emanda ere, alferrikakoak izango zirela. Espainiako gobernuak ez zuen ETAko presoak Euskal Herrian birkokatzeko aukerarik ere aintzat hartuko. Kasu bakoitza legez tratatuko zen interpretazio gogor baten bidez, eta nire lehen inpresioa izan zen Langraiz programak berak ere nekez egingo zuela aurrera. Aieten irekitako itxaropena itxaropen, etorkizunak iluna izaten jarraitzen zuela antzeman nuen egun haietan.
Foro Soziala sortu zenean eta joko politikoan eragile serio bihurtu zenean, Paul Riosek eta biok elkarrizketa interesgarria izan genuen Baionan, negoziazioen esparrua aldatzeak zituen abantailen inguruan. Ez zen nahitaez aldebakartasuna, baizik eta kide aldaketa bat.
Aldebakarreko negoziazioen ideia, noski oximoron bat dena, airean zegoen jada. Hala ere, kontua zen zergatik tematu era guztietako harreman politikoei uko egiten zien kide batekin negoziatzen. Bagenekien ETA, beti, Espainiarekin zuzenean negoziatzen ahalegintzen zela, baina guztiok argi genuen hori ez zela gertatuko. Alabaina, Foro Sozialak erakutsi zuen, bake-prozesurako solaskiderik ez zegoenez, benetako negoziazioak ETA eta erakundeek eta gizarte zibilak ordezkatutako euskal herritarren artean izango zirela. Horixe genuen zehazki buruan.
Funtziona zezakeela uste nuen ideia bat imajinatzen hasi ginen. Bagenekien imajinatutako bide berri hark nekez konponduko zuela presoen egoera, Estatuaren eskumena baitzen. Halaber, bagenekien autodeterminazioaren auzia eztabaidatik kanpo zegoela. Hala ere, iruditzen zitzaigun autodeterminazio-prozesua eskualdeko autonomia batek Estatuak bere gain hartu nahi ez dituen zenbait eskumen bere gain hartzen dituenean hasten dela. Horixe zen desegite-prozesuaren kasua. Uste genuen Nazioarteko Egiaztatze Taldea, Iñigo Urkulluren laguntza izan zuena, baina Espainiak onartu ez zuena, aurrerapausoa izan zela politika mota horretan, eta ekintza subiranoetaranzko bilakaeratzat jo zitekeela. Egiaztatze-taldeak burututako aurkezpen-prozesua aukera galdua izan zela pentsatu genuen. Askoz ere harrigarriagoa izan beharko zuen, Eusko Jaurlaritzaren askoz ere inplikazio handiagoarekin eta nazioarteko prentsaren eta nazioarteko pertsona ospetsuen estaldura askoz ere garrantzitsuagoekin. Une hura konstituzio-une gisa prestatu behar zen, non eskualde bateko gobernuak herrialde subirano bati dagozkion eskumenak bere gain hartzen dituen.
EAJk ez zuen Estatuaren eskumenarekin “konfrontazio posible” batean murgildu nahi izan, Estatuak zaindu behar baitu desegite-prozesua. Baina, egia esan, egiaztapen-ekitaldia aukera galdua izan zen arren, prozesu osoa ondo egokitu zitzaion Foro Sozialaren zereginari. Benetako eztabaida zen nola kudeatu ETAren amaiera euskal herriaren aurrean, ETAk haren alde egin zuela borroka uste baitzuen, herriaren zati handi batentzat (seguruenik gehienentzat) ETAren kalteak sendaezinak zirenean. Hura zen gatazkaren benetako dimentsioa. Ez Espainiaren aurrean, euskal herriaren eta erakundeen aurrean baizik. Indarkeria amaituta eta erakundea deseginda, gure egitekoa amaitu zela ulertu genuen. Prozesuan sartu ginenean, Sortu ezker abertzalearen alderdia legez kanpo zegoen eta gure lana amaitu genuenean, berriz ere prozesu politikoaren parte bihurtu zen. Harro gaude alderdien eta mugimenduen arteko elkarrizketa aberasten lagundu zuen prozesu batean gutxieneko laguntza eman genuelako. Pozten gaitu gutxienez etsaien arteko adiskidetze-ahaleginak ikusteak. Badakigu sendatze-prozesu hori oso zaila dela, bereziki aldeek beren egia eta oinarrizko sentimenduei gogor eusten dietenean. Baina indarkeria-garaietan zuzenean edo zeharka sufritu duten guztien sentsibilitateak ulertzea beste modurik ez dago.
Indarkeria garratzaren garai hura bizi izan zuten guztientzat, Euskal Herriko egungo eguneroko bizitza, konpontzeke dagoen guztia gorabehera, eta itzulitako presoak hartzeko era guztietako ekintza mingarriak gorabehera, amets ederra da oraindik. Adiskidetzeko bide luzea dago oraindik, eta gatazka bortitzaren orbainek hemen jarraitzen dute, Euskal Herriaren barru-barruan.
Zauri horiek sendatzeko ahaleginaren arrakasta opa dut eta erregutzen dut. Hau egin daiteke gaur egun, hain zuzen ere, indarkeria politikorik ez dagoelako. Alde izugarria dago indarkeria-egoeraren eta egungoa bezalako indarkeriarik gabeko egoeraren artean.