Jonathan Powell
Orain dela hamar urte Donostian egindako Aieteko Konferentzia une erabakigarria izan zen Euskal Herrian bakea lortzeko. Ekitaldian bildutako nazioarteko pertsona ospetsuen taldeak ETAri eta Espainiako gobernuari dei egin zien, bake iraunkorra lortzeko behar ziren urratsak eman zitzaten. Eta handik egun batzuetara emandako erantzunak posible egin zuen, harrezkero, Euskadin gertatu dena.
Omenaldia egin nahi diot Lokarri elkarteari konferentziaren antolaketa bere gain hartzeagatik, eta baita parte hartu zuten guztiei ere, bete zuten eginkizunagatik. Kofi Annan Nazio Batuen Idazkari Nagusi ohia nabarmendu nahiko nuke, orain zoritxarrez hilda dagoena, hartu zituen arriskuengatik, eta jasotako kritikei aurre eginez parte hartzean, erakutsi zuen ausardiagatik. Era berean, oraindik publikoarentzat ezezagunak diren guztien lana eta eginahalak aitortu nahiko nituzke, lorpen hura gauzatzeko bigarren planoan bete zituzten rolengatik.
Gutako edonork nahiko zukeen baino denbora gehiago behar izan dugu azkenean armen arazoari eta ETAren amaierari aurre egiteko, baina orain hori ere lortu da, eta erabateko adiskidetzeak eta historia atzean uzteak denbora beharko badu ere, Euskal Herria orain bakean bizi da eta etorkizun oparoa du aurrean. Lortu dena Espainiarentzat ez ezik, Europarentzat ere albiste ona da. Europan partekatu ditzakegun irakaspenak ematen ditu, munduko beste toki batzuetan bakea lortzen laguntzeko.
Gaurkoa ospatzeko eta gatazka konponezinik ez dagoela gogoratzeko eguna da. Oso zailak iruditu arren, oraindik eraldatu ez diren gatazkak baino ez daude. Gure egitekoa da amaiera baketsurantz bideratzea, Aietek Euskal Herrian egin zuen bezala.