Hamar urte eta oraindik hau…

Rebeka Ubera

Hamarkadara iritsi gara, hamarkadara Aieten nazioarteko bake konferentzia burutu zenetik. Ziztu bizian pasa diren urteak, gehienentzat. Baina, mendeak bezain luze eta latzak izan direnak eta izaten ari direnak beste hainbatentzat, bakea ez erdietsi izanaren ondorioz. Hamarkada bat…eta oraindik ere, Aieteko adierazpena bete gabe bere osotasunean.

Hamar urte beranduago…Erraz esaten da, ez hain erraz sufrimendua jasan…oraindik euskal preso politikoak ditugu. Ulertezina. Mingarria. Euskal preso politikoak, Gernikako Akordioari -Aieteren aurrekarietako bat- atxikimendua eman ziotenak, euskal bakeari aldebakartasunaren ekarpena  eginez, munduan euskal bakea berezi eta bakarra bilakatuz, ordainik gabeko eta aldebakarreko bidea den heinean.

Inork ez zuen espero erraza izango zenik: behin eta berriz, garai haietan makina bat konbertsazioren, baita hainbat eta hainbat sekretu gordetzen dituzten Aieteko hormen artean ere, elkarrizketa ia gehienen lekuko bilakatu zen leloa. Baina ez zen itxaropenerako zirrikiturik falta, ezta asmo onik ere.

Bertaratu ziren sona haundiko, batez ere gizon (orduko garaien erakusgarri) haundien lilurapean, eta bistakoa zen, nahiz eta orduko EAE-ko lehendakaria Euskal Herriko lurretatik at izan…Gisa horretako ekimenak, Estatu Espainiarraren eta nazioartearen oniritzia zuela buru ahal izateko; behintzat ez oztopatzeko konpromisoa zegoela Espainiako Erreinuaren aldetik, nahiz eta gerora ikusi den bezala, Aieteko adierazpenak berak eskaturiko “ ausardia, arriskuak hartzeko borondatea, konpromiso sakonak, esku zabaltasuna eta estatu buru sena” hor nonbait geratu diren, ezinean…Gorrotoak eta iraganeko inertzia eta menpekotasunak kateatuta, iraganari amaiera eman gabe, etorkizunera jauzi ezinean, “bakea” bere osotasunean erdietsi gabe eta ondorioz oraindik ere sufrimenduari bidea irekiaz. Eta ausartuko naiz esaten, baita ere etorkizunak arriskuan jar dezakeen “botere” partikular eta partidistak galtzeko beldurrez. Urteetan eraiki den errelatoa ezbaita doakoa, ezta Aiete eta bake senaren eskukoa. Beldurra nagusitu da ausardiari, berekoikeria eskuzabaltasunari eta iragana etorkizunari…Bai behintzat neurri batean…Nahiz eta eskuzabaltasunaren, ausardiaren, etorkizunaren ekimen eta lan emankor asko ikusi ditugun, zorionez.

Euskal Herrian, zorionez, herritar ausart, eskuzabal, emankor asko ikusteko, ezagutzeko parada izan dugu eta izango dugu etorkizunean ere. Buruhausteak buruhauste beti prest bere onena emateko prest, gizarte justu eta hobeago baten alde, non, herritar guztien eskubideak, guzti guztiak errespetatuak izan daitezen. Bere gorabehera guztiekin, buruhausteekin… Bakoitzak bere heinean, bere tokian…Batzuetan asmatuz, besteetan kale eginez, baina ekarpena egiteko ahaleginean. Horixe bera izan da Euskal Herriko ez-ohiko bake prozesuaren ezaugarria: hainbat eta hainbat herritar, elkarte, alderdi politiko etengabeko ahaleginean…Aieteko argi eta fokoetatik kanpo. Bekie guztiei, lerro hauetatik inoiz nahikoa izango ez den esker on sentitu eta beroa. Eta aldi berean, ekarpena egiten jarraitzeko eskaria. Aietera hurbildu aurretik, Aralar alderdi politikoaren ordezkari gisa, Patxi Zabaletak esan zidan bezala: Rebeka, eskertu orain arte egindako guztia, baina batez ere, eskertu hemendik aurrera emango diguten laguntza guztia.