Pello Urizar. Eusko Alkartasuna
Ezer baino lehenago adierazi behar dut Donostiako Bakearen Aldeko Bake Konferentziak (aurrerantzean Aieteko Konferentzia) eta aurretik eta gerora egindakoak balio itzela izan dutela nire ustez Euskal Herriko bizikidetzan aurrerapausoak egikaritzeko.
Pausoak handiak edo txikiak izan daitezke ikuspuntu desberdinen arabera, baina bizikidetza duin batera hurbiltzen gaituzten heinean, baliozkoak dira niretzat.
Zuzenean bizi izateko ohorea izan nuen esperientzia hartan konturatu nintzen zein garrantzitsua zen gure barne gatazketatik haratago ikusteko gaitasuna zuten pertsonen eta erakundeen partaidetza. Zein garrantzitsua izan zen zuhaitzen gainetik basoa ikusteko gaitasuna zutenak prozesuaren lagun bilakatzea.
Hilabete luzeetan ikusi ahal izan nuen eta atsegin handiz gogoratu ere, nola Brian Currinek gatazkaren erpin guztiei buruz hitzegitean, zein kontu eta sentsibilitateaz aritzen zen. Konturatu nintzen batzuen eta besteen -aurpegi anitzeko poliedro bat irudikatu- arrazoi guztiak ulertzen zituela, baina benetako helburua ahaztu gabe.
Hasieratik argi neukan aurrerapausoak izango baziren enpatiaz jokatzean egongo zela gakoa. Bestearen azalean jartzeak ezinbesteko balioa dauka aurrerapausoak emateko eta bakoitzaren eskari eta helburuen gainetik -zilegitasun osokoak izan arren ere- erdibideko akordioak lehenestea izan behar genuen helburu.
Horrela bizi izan nituen Aieteko Konferentziaren aurrekariak, Konferentzia bera eta ondoren eman ziren pausu ugari.
Harriturik ikusten nuen nola interes partikularrek aurre hartzen zieten niretzat logikoagoak ziren erabakiei, baina, era berean ere, ikusi eta ikasi nuen beti agertzen dela bide berri bat aurrekoa ixten denean.
Pasio handiz bizi izan nituen une haiek Euskal Herriak behar zuen aro berriaren atari zirela ikusten nuelako, eta baikortasunez ere, arazoak ugari izan arren, aurrera egiteko borondate osoa ikusten nuelako euskal gizartean.
Aieteko Konferentzia bera mugarri garrantzitsua izan zen, zalantzarik gabe. Euskal Herriko historian gutxitan ikusi ahal izan dugu bertan parte hartu zuen nazioarteko ordezkaritza bat -Arnagako adierazpena ahaztu gabe- eta bertan ikusi ahal izan genuen bakearen aldeko apustuak atzera bueltarik ez zeukala.
Eskertzekoa da eta beti eskertuko diet nazioarteko ordezkari haiei – eta modu apalagoan bigarren maila batean lanean aritu zirenei ere- Euskal Herrian bakea lortzeko hartutako konpromisoa eta eginiko lana, baina nire benetako eskerrona urte guzti hauetan aurrerapausoak emateko borondatea, malgutasuna eta, era berean, irmotasuna erakutsi duten euskal herritarrontzat da, prozesuan parte hartzea txikiagoa edo haundiagoa izanik ere, hamarkadetan ezinezkoa zirudiena posible dela erakusteko gai izan baikara, eta baita hasieran aipatu dudan bizikidetza duin hori lortzeko pausoak emateko gaitasuna badugula.
Hamar urte geroago inork ezin du ukatu hobeto gaudela. Egun, Euskal Herrian arazo asko dauzkagun arren, ezin ukatu, Aieteko Konferentzia eskenatoki berri baterako abiapuntua izan zen, hamarkadetako loturak hautsiko zituena, statu quoa aldatzeko aukerak emango zituena eta ezezagunaren beldurraren gainetik itxaropena emateko balioko zuena.
Horrela bizi izan nuen orduan eta horrela bizi dut gaur ere.