Aieteko Konferentzia

Rufi Etxeberria. Sortu

Datorren urrian beteko dira hamar urte Aieteko Konferentzia egin zenetik eta, gertaera horrek, nola ez, Donostiako Jauregira iritsi aurretik bizitakoaz eta ondorengo hamar urteek utzi dutenaz luze eta zabal aritzeko ematen du. Idazkitxo honetan gainbegirada baino ez da jasoko, beste askoren ekarpenekin batera 2011ko urriaren bueltakoari eta orduz geroztikakoari ikuspegi zabala eskainiz.

Lehen lehenik azpimarra jarri beharko litzateke Konferentzia ahalbideratu zuen testuinguru politikoan, hau da, zein aldagaik, zer urratsek eta nolako konpromisoek sortu zituzten Aietekoa bezalako zerbait egiteko baldintzak. Aietekoaren ondoren ematen ari den “errelatoaren gudan” zenbaiten aldetik erabilia izaten ari den mezua baita hura antzezpen huts bat edota porrot baten maskarada baino ez zela izan. Justu gatazkaren izaera politikoa eta irtenbide demokratikoaren beharra ukatuz egun Euskal Herrian indarrean dagoen Estatu indarkeriari eusten diotenen aldetik hain zuzen.

Ezker abertzaleak kasik bi urte lehenago, 2009ko udazkenetik 2010erako otsailera arte, zinez garrantzia handiko eztabaida egin zuen, helburu politikoen lorpenerako soilik bide politiko eta demokratikoen erabileraren aldeko erabakia hartuz. Berrogeita hamar urtean Ezker abertzalearen baitan hartzen zen erabaki nagusienetakoa izan zen, aurretik hirurogeigarrengo hamarkadan  frankismoaren diktadurapean ETAren sorrerak ireki zuen egoera politiko berritik eta “Trantsizioa” deituriko garaian haustura demokratikorako borroka armatuari eusteko hautua egin zenetik.

Ezker abertzaleak hartutako erabaki historikoak segidan ondorio ezberdinak eragin zituen, bai Euskal Herrian, bai nazioarteko eremuan. Batzuk aipatzearren Bruselako Adierazpena, Gernikako Akordioa, Nazioarteko Harreman Taldearen eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen sorrerak eta Bilduren legeztapena zerrendatu daitezke.

HDC bitartekaritza diplomatikorako Zentroaren eskutik, ETA eta Espainiako gobernuaren arteko zeharkako harremana eman zen garai berean, eta bitartekaritzak Gobernuarekin eta ETArekin konpromiso zehatzak adostu zituen, hamasei puntuz osatutako “Hoja de ruta resultante” izeneko agirian jasotzen zirenak. Horien artean, besteak beste, Aieteko Konferentzia egitea zegoen, eta hala, espainiar gobernuaren onarpenarekin, Konferentzian plazaratuko zen Adierazpenaren ezagutzarekin eta guztiaren berri José Luis Rodríguez Zapateroren gobernuak nazioarteko komunitateari jakinaraziz egin zen, eta adostutako konpromisoen artean zegoen, baita ere, gatazkaren ondorioen konponbiderako ETA eta gobernu espainiarraren elkarrizketarako eremua izatea Norvegia.

Errealitate oso horren baitan egin zen Aieteko Konferentzia eta bertan plazaratutako Adierazpenak Euskal Herrian bake prozesua abian jartzeko zumitzak eskaintzen zituen, baina bi estatuen, eta bereziki espainiarraren, aurkakotasunak ezindu du. Horren aurrean eta zailtasun guztien gainetik Euskal Herrian errealitate berri bat eraikitzen ari da. Euskal Herrian, Estatuek ezintzen dutenaren aurrean, Aieteko Adierazpenaren lekukoa hartuz euskal jendartea eta eragile sozial, sindikal eta politiko ugari ardatz dituen bide propio bat ari da gorpuzten, elkarbizitza demokratikoa helburu duen bidea  hain zuzen.

Bake Bidea elkartea Baionako Adierazpenarekin, eta Foro Soziala bere Gomendioekin, izan dira aipatu bide horren bultzatzaile nagusiak. Urratsez urrats jorratzen ari den ibilbidean inflexio guneak izan dira armagabetze prozesua, ETAren desegitea, euskal preso politikoen egoeran eman diren aurrerapenak eta biktima guztien aitortza eta erreparazioaren aldeko pausuak.

Aieteko Konferentziak prozesu bati eman zion hasiera, hamar urte hauetan fruituak eman dituen prozesuari; gaur arte bezala, ekinaren ekinez ahalik eta etorkizun hurbilenean Euskal Herrian “eskubide guztiak euskal herritar guztientzat” printzipioaren baitan elkarbizitza demokratikoaren agertokira eramango gaituen prozesuari.