Bidea ibiliz egiten da

Miguel Izu

2011ko urriaren 17an, Izquierda-Ezkerraren izenean, Aieteko jauregiko konferentzian izan nintzen. Hainbeste urtetan astindu gintuen indarkeria politikoari amaiera emateko lanean, geure harri-koskorra ekarri nahi genuen.  

Terrorismorik gabeko garai bateko oroimen pertsonalik ez zuten hainbeste hiritarretako bat nintzen, gizarte baketsuan eta adiskidetuan bizi nahi nuena. Lerro hauek irakurri nituen, eta hain laburrak izanik, hemen errepikatu egingo ditut:

«Arratsalde on denoi eta eskerrik asko antolatzaile guztiei gonbidapena egiteagatik.

Izquierda-Ezkerra koaliziotik, bakea lortzeko ezinbesteko urrats gisa, ETAri exijitzen diogu, eta uste dugu konferentzia honek ere eskatu behar duela, indarkeria terrorista alde bakarretik, behin betiko eta baldintzarik gabe uztea, prezio politikorik gabe eta berriz ez erabiltzeko konpromisoarekin.

Erabaki horrek bakarrik eman dezake bidea indarkeriaren ondorioak gainditzeko, normalizazio politikoa lortzeko eta gizartea adiskidetzeko eta, horretarako, eragindako kalteak eta urratutako giza eskubideak aitortu behar dira, eta biktima guztiei erreparazioa egin behar zaie.

Horrela bakarrik gainditu ahal izango da guk pairatu dugun defizit demokratikoa, eta posible izango da alternatiba eta programa politiko guztiak askatasunez defendatu ahal izatea, eta herritarren borondatea izatea soilik behar diren erabakiak hartuko dituena plurala den, identitate desberdinak eta identitatea ulertzeko modu desberdinak dituen gizarte batean elkarrekin bizitzeko. Erabaki irekiak, dena eztabaidatu eta zalantzan jarri behar da, baita hainbat adierazpideren atzean zer dagoen ere, hala nola, Euskadi, Euskal Herria, Espainia, nazioa, subiranotasuna, autodeterminazioa.

Eta honi dagokionez, Nafarroako Foru Erkidegoa jarduera-esparrua duen koalizio batetik, Nafarroa erabakitzeko eremu propioa dela adierazi nahi dugu, Nafarroaren etorkizuna Nafarroako herritarrek bakarrik erabaki dezaketela.

Eskerrik asko».

Ekitaldi hura baliagarria izan zen, egun gutxiren buruan ETAk «jarduera armatuaren» behin betiko amaiera adierazi zuen, eta, handik zazpi urtera, bera deseginda bukatu zen prozesua bultzatu zuen. Gizarte osoaren, erakundeen, indar politikoen eta, modu batera edo bestera, indarkeria terrorista atzean gera zedin lan egin zuten pertsona askoren garaipena izan zen.

Garai hartan idatzi nuen, hura, puntu eta jarraipen bat zela, eta lan asko geratzen zela, gure elkarbizitza zitaldu zuen indarkeria baten ondorioak gainditzeko, gertatutakoa ahaztu gabe. Ordutik aurrera, beste urrats asko eman dira norabide egokian, bakarren bat bidean atzera eginez ere bai, baina, ziurrenik, hainbat belaunaldik beteko duten zeregina da.

Euskal pilota, larrua harriaren kontra (Julio Medem, 2003) filmean, Bernardo Atxagak zioen, egunen batean, jendea arinki lebitatzen bezala ibiliko zela, gainetik kenduko genuen zamarengatik. Oraindik ez gara iritsi lebitatzera, oraindik zama handiegia dugu gainean. Baina ez diezaiogun horri uko egin.